Auzokonposta Tolosan da jada

P1040176Tolosako zenbait tolosar hasi dira jada autokonposta egiten Alliri eta Izaskun auzoetan ezarri diren guneetan. 130 bizilagun baino gehiagok, beren borondatez, hemendik aurrera etxean sortzen duten hondakin organikoa konpost guneetara eramango dituzte. Gune hauek udaletxeak jarri ditu, zenbait bizilagunen eskariz. Gisa honetara Tolosako Zero Zaborrek auzokonposta egiteko hasi zen kanpainak bere lehen fruituak ikusi ditu.

P1040124Laster Amaroz auzoko bizilagunek ere izango dute aukera auzoan bertan hondakin organikoak uzteko. Espero dugu laster, izandako arrakasta ikusirik, gainerako auzoetan ere jarriko dituztela konposta guneak.P1040185

Tolosaldea txukun

Nekane Arsuaga, Jose Inazio Imaz, Iraitz Peñagarikano, Mikel Ugarte
Tolosaldea Zero Zabor
 2013/04/23
Tolosaldea Txukun taldeak «informazio bilera» egin zuen Anoetan, “Atez Atekorik ez» lelopean (azpi-leloa «Modu egokian birziklatzearen alde, 5. edukiontziaren alde» izan zen), eta bertan izan ginen. Penagarria eta tamalgarria izan zen bertan entzundakoa eta bizitakoa. Patxi Amantegi hizlariak, jendearen instintu baxuenak (beldurra, haserrea) xaxatu zituen, egiak balira bezala aurkeztutako ideia tranpatien bidez. Eztabaida honen muinean ekologia eta osasuna daude gure ustez, baina nonbait Tolosaldea Txukun antolatu dutenen interesak beste batzuk dira, bestela ezin baitaiteke ulertu bilera horren helburua.

Hizlariak eskualdeko hainbat herritan proposatu den hondakin bilketa sistemaren aldaketa kritikatzeko erabiltzen duen ildoetako bat gaikako bilketari buruzko datuen gerra da. Bere ustez, 5. edukiontziarekin ere %70 jaso daiteke ondo eginez gero. Hipotesia frogatzeko hiruko erregela matematiko bat erabiltzen du gainera: hondakinak hiru taldetan banatzen ditu (%40 momentu honetan gaika sailka genezakeena, %40 organikoa eta %20 errefusa); dagoeneko hondakin kopuru absolututik %30 ondo biltzen ari bagara, organikoaren bilketan ere portzentaje berdina lor daiteke bere ustez, atez atekoaren gaikako bilketa maila berdineraino iritsiaz.
Publikotik berehala gogorarazi zioten, urteak daramatzala 5. edukiontziak Gipuzkoako hainbat herri eta auzotan, eta emaitzak ez direla %40ra iristen (hizlariak onartu egin behar izan zuen datua noski, frogatua eta publikoa baita).

Kritikarako bigarren argumentua inposizioarena izan zen. Gure ustez, puntu honetan ohartu behar dugu jokoan dagoena oinarrizko eskubide bat dela: ingurune osasungarri batean bizitzearen eskubidea. Inork ez dauka eskubiderik beste inor zabortegi kutsakor baten ondoan ala errauste-planta baten ondoan bizitzera behartzeko, jakinik ekidin daitekeela (Gipuzkoako planak jasotzen du nola). Erabaki beharreko aukerek hori bermatu behar dute.

Bestetik, erabakia hartu behar duen subjektuari buruz ere hitz egin beharko litzateke: A herriak ez dauka eskubiderik B herrira ze zabor eramango duen erabakitzeko, hori erabakitzekotan B herriak erabaki behar du. A herrian galdera egitea proposatzen duenak esaten ari da B herrian zaborra derrigorrez jaso beharko dutela, eta horrek bi mailatako herritarrak egotea bultzatzen du. Herri batek ezin du erabaki bere zaborrak aldameneko beste batera eramatea han erretzeko. Anoeta eta Irurako herritarrok ezin diegu inposatu Zubietakoei gure zaborrak han erretzea. Hori ez da inondik ere demokratikoa eta gutxiago justua.

XXI. mendeko Euskal Herrian ez luke egon behar kutsatzeko eskubiderik, alternatibak ezagunak direnean eta frogatuta daudenean. Mendian zaborra botatzeko eskubiderik ez daukagun bezala. Gaika ahalik eta gehien biltzea betebehar bat da herritar guztiontzat.

Tolosaldea Txukunek eskualdeari sinetsarazi nahi dio libreak garela gai honetan nahi duguna aukeratzeko. Baina ez da horrela. Bi aukerak honakoak dira: (a) Auzo-konposta eta atez ateko bilketa sistema, edo (b) 5. edukiontzia eta makro-errauskailu bat Tolosaldetik 20 kilometrora. Nahiz eta Patxi Amantegik hitzaldian makro-errauskailuaren arazoa modu erraz batean konpontzen duen: «hori beste arazo bat da, eta ez gara etorri hona horri buruz hitz egitera». Gure ustez, ordea, eztabaida horretan zaborren arazoa bere osotasunean ikustea ezinbestekoa da, bai bilketa eta bai tratamendua, eta banatu ezin diren arloak dira, arazoaren osotasuna hartu behar da kontuan.

Eta jendeari esan behar zaio 5. edukiontziarekin berdin-berdin banatu beharko lukeela organikoa (Patxi: zergatik erabiltzen duzu orduan etxean kubo gehiegi eduki behar diren argumentua sistema berrien aurka?), eta ordutegiak eta kontrolak ere berdin-berdin egon beharko liratekeela. Hizlariak berak onartu zuen hori, nahiz eta ez jakin erantzuten 5. edukiontziarekin nola kontrolatuko lukeen nork banatzen dituen hondakinak eta nork ez.

Hondakinak biltzeko sistema berriaren aurkako hirugarren argumentua ekonomikoa da. Oso garestia omen da. Herrietan 12.000 euro gastatzen ari omen dira kuboetan. Patxi Amantegi jauna: (1) Zenbat kostatuko litzaioke Gipuzkoako herri bakoitzari Zubietako makro-errauskailua? Kostu totala behintzat badakigu, milioika euro. (2) Zergatik ez duzu esaten zenbat aurreztuko duen herri bakoitzak zaborrak errauskailuetara eta zabortegietara eramatea ekidinda? Usurbilgo Udalak 150.000 euro aurreztu ditu hondakinen bilketa eta kudeaketan 2012. urtean. (3) Sistema berri hauek lanpostuak sortzen dituztela onartu zenuen, eta hori ere zalantzan jartzen saiatu zinen (bilketa sistema mekanizatutik eskuzkora pasatzea atzerapausoa dela, ea nork egin nahiko duen lan hau krisia pasatzen denean…). Nola da hori posible? (4) Zenbat balio du aire garbia arnasteak?
Bilera horretan behintzat, hizlariak ez zuen hitz egin nahi izan estetika edo erosotasunari buruz, gai subjektiboak omen direlako. Baina bilera deitzeko erabili zuten kartelean, basura-poltsaz betetako posteen argazkiak jarri zituzten, jakinik Anoetan eta Iruran kuboetan bilduko dela. Gure ustez, fede txarrarekin jendea manipulatzea da hori, informatu beharrean.

Eta gure ustez, salagarriak dira bileran esandako beste batzuk ere. Adibidez, hizlariak modu ironikoan bota zuen Spora enpresa katalana Hernanin ezarri dela eta «oso ondo doakiola» (haien lana desprestigiatu nahian); publikotik norbaitek «¡a esos habría que fusilarlos a todos!» esan zuen, eta Amantegi jaunak bilera publiko batean horrelakoak moztu beharrean, «no, que son muchos» erantzun zion. Edo nola saiatzen den balio kentzen galdera «zailak» egiten dituztenei: «zuk jaisten al duzu basura? Ez dut uste…». Edo nola saiatzen den garrantzia kentzen Legorretan eta Lezon gertatutakoei: «bi poste bakarrik hautsi dira…» (publikotik gogorarazi zioten beste batzuk Auzitegi Nazionalera bidaltzen dituztela sabotaje ekintzengatik). Edo okerrena, bilera amaieran botatako beste bat: «berdintsu izango litzateke organikoa komunetik botatzea, Adunako kolektorean jasoko bailitzateke» (?).

Gure ustez planteamendu okerra bada ere, iritzi guztiak errespetagarriak dira, eta zilegi da atez atekoaren kontra egotea, baina birziklatzearen alde dagoela dioenak, zabor poltsa lurrean uzteko edota organikoa ibaira botatzeko esatea oso larria da, Tolosaldea Txukun-eko bozeramailearen ardura-falta handia erakusten baitu.

Gogoratu talde ekologista nagusiek (Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace) auzo-konposta eta atez ateko bilketa-sistemaren aldeko apustua egin dutela, eta Europar Batasunak Gipuzkoako hainbat herri hartzen ari garen bidea eredugarritzat jo duela.

Diferentziak diferentzia, ahalik eta hondakin gutxien sortu eta ahalik eta gehien birziklatzearen alde gauden guztiok ahalegina egin behar dugu helburuak bermatuz guztiontzat balekoak izango diren sistemak adosteko. Horretarako liskar giroa baztertu  eta jarrera eraikitzailea eta elkarri entzutea beharrezkoa da. Zergatik ez saiatu?

Nola eman izena autokonposta egiteko?

 

NOLA EMAN IZENA AUZOKONPOSTA EGITEKO?

Bidali guri zure datuak: Izena, etxeko kide kopurua, auzoa eta kontakturako telefonoa edo e-maila.

Bidaltzeko aukera hauek dituzue:

1-Larunbatean, abenduak 1, 12etatik aurrera Oargi elkartean eta goiz osoan Trianguloan izango gara.

2- E-mail bidez: tolosazerozabor@gmail.com

3- Facebook mezu pribatu bidez.

Animatu eta animatu auzokideak ere!

Auzokonposta Tolosan

Gauza jakina da hiritarrok sorturiko hondakin ugariak arazo handia soposatzen duela, eta larriena hondakinen %45-a inguru den organikoak sortzen duela. Tolosaldeko beste zenbait herrietan jada bideratzen ari diren zenbait ekimen ikusirik eta Tolosa bertako bizilagun batzuk hala eskatuta, Tolosa Zero Zabor taldeak auzokonposta bultzatu nahi du Tolosan bertan.

Zero Zabor bidean ahalik eta zabor gutxien sortzeko erabat lagungarria izango da, nahi duten herritarrei hondakin organikoa norberak herrian bertan kudeatzeko aukera emanez, gainera parte hartzea bultzatuz.

Beraz, Udalari eskaera zuzena egiten diogu ekimen hau ahalbidetzen laguntzeko, baita honen funtzionamendurako formazio ikastaroak antolatu ditzan ere, beste herri askotan egin den bezala. Aldi berean interesaturik dauden herritarrei dei egiten diogu gurekin harremanetan jarri eta programan izena emateko. Jada jende dexentek interesa duela adierazi digu.

Hau dela eta, Tolosan datorren larunbatean, Abenduaren 1-ean, azokaren inguruan auzokonpostari buruzko postua jarriko dugula jakinerazten dizuegu, bertan konpostari buruzko erakusketatxo bat, auzokonpostari buruzko informazioa eta programan parte hartu nahi duenak izen emateko aukera izango du. Gainera 12-etan Oargi elkartean konpostari buruzko hitzalditxo bat antolatu dugu auzokonposta egiteko prest dauden Tolosarrentzat.

Besterik gabe, animatu eta parte hartu!

Energumeno baten zigarroa

Pello Zubiriak Argia.com blogean argitaratutako artikulua.

Galanta dabil zirkulatzen egunotan Tolosa Txukun taldekoek banatuta. Ez naiz ari azaleko eskariaz: “Atez Ateri ez!!! 5. Edukiontziari bai!!! Birziklapenari bai!!! Sinatu!!! Zu falta zara”, eskatzea libre. Azken orrialdean “Incineración / Salud” atala osatzen duten bost argudioetako bi honakoak dira: “Los fuegos artificiales de la Semana Grande de Donostia emiten a la atmósfera más elementos contaminantes que una incineradora durante todo un año” eta “Según estudio de la Universidad de Oviedo, el impacto sobre la salud de una incineradora moderna equivale a fumarse un cigarro al año“. Demagogiaren teoriko hark esan zuenez, nahi baduzu gezur bat eraginkorra izan dadin, ahalik eta handiena bota. Ez dira aleok gutxitan errepikatu Googlek hemen eta hemen edo hemen erakutsiko dizunez. Batzuetan aipatzen da iturritzat Javier Ansorenak eta Xabier Garmendiak idatzitako Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusia 2002-2016, baina PIGRUG famatuan kosta behar zaizu aurkitzea. Servei d’Incineració de Residus Sòlids Urbans de Tarragona, SA (SIRUSA) enpresa katalanak eskainitako Valorización Energética Residuos Urbanos PPTan Gipuzkoako Foru Aldundiaren seilua daraman 36. orrian daude bi harrikadak berdin-berdin, hor ere iturria falta, ordea. Oviedoko univertsitatearen ikerlanean, egiatan unibertsitate horretako eta beste batzuetako sei irakaslekCogersa partzuergoaren finantziazioarekin burututakoa den agirian, inon ez da ageri zigarretarena. Aterakaia ez zaio zor inolako mediku edo osasun ikerleri,Manuel Bao Iglesias ingeniari kimikoari baizik, Natura / Medioambiental blogeko elkarrizketa honetan dago: galdera, “¿Cuánto contamina una incineradora?“; erantzuna, “La emisión de dioxinas de la combustión de un cigarrillo es igual a la combustión de una incineradora en un año“. Gizona konplexurik gabe mintzo da: “Yo participé en el diseño de la planta de Sogama en Galicia, la sociedad que gestiona los residuos” eta aurreraxeago “Nadie ha conseguido superar el 24 por ciento de recuperación de basuras en el reciclaje“. Millán Astray jeneralak oka egin gabe oihukatu baldin bazuen “¡Muera la inteligencia!”, zigarretaren kirtenkeria ezin handiegia gertatu ingeniari energumeno batentzat. Milaka tona hiri hondakin nahasita kiskaltzen dituen labe erraldoiak baino kutsadura handiagoa sortzen dutela Donostiako su artifizialek eta zuk zeuk erre dezakezun zigarro batek. Jarri egin behar du paper batean eta banatu Gipuzkoako kaleetan 2012 urtean eta gainetik herritarrei firmatzea eskatu…